XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IGORLEA, HARTZAILEA ETA KODEA: HIRU ELEMENTU EUSKARAZKO KAZETARI HIZKUNTZAN

Jon Sarasua

EHUko Gizarte eta Komunikazio-Zientzietan lizentziatua

Hedabideak

Nire lan honetan, prentsa, irrati eta telebistak osatzen duten multzoa aipatzeko hedabide hitza erabiliko dut.

Uste dut egokia dela hitz hau zergatik erabiltzen dudan azaltzea.

Gure artean komunikabide hitza nagusitu dela dirudi.

Baina uste dut hedabideei ez dagokiela orokorrean komunikatu hitza, norabide bakarreko igorpen-zaparrada bait dira.

Egia da dena dela komunikazioa, baina hedabideena oso komunikazio mota berezia da.

Informatu solik egiten duten ere zalantzan jarriko nuke, informatu edo desinformatu egiten gaituzten ere eztabaidagarria bait da.

Gainera, informazio dei genezakeenaz aparte gauza asko igortzen dute medioek: fikzioa, entretenimendua, artea.

Uste dut hitza hedatu dela.

Medioek (informazioa, gezurra, fikzioa, jolasa...) hedatu egiten dute, hori da definitzen dituena.

Horregatik, hedabide hitza erabiltzeari egoki erizten diot, laburragoa eta errazagoa izateaz gain, zuzenagoa delako.

Arlo ahantzia

Euskarazko hedabideak sortu eta indartu zaizkigun azken aro honetan, hizkuntza egokitzearen gaiari ez zaio seriotasunez heldu, ez eta hurrik eman ere.

Hedabideetan, euskararen alde kuantitatiboari begira egon gara urte hauetan: zenbat aldizkari, zenbat irrati, zenbat telebista-ordu, zenbat programa, zenbat orrialde euskaraz.

Baina euskararen alde kualitatiboa nahiko zokoratua egon da: estandarizazioa, kalitatea, euskalkien oreka...

Bai, beti egon dira aipamenak, hitzaldiren bat edo beste, zuzentzaileren bat edo beste.

Baina gaiak eskatzen duen bitarteko eta seriotasunik ez da ikusi.

Ez da broma.

Urteak alperrik galdu dira.